Gizarte baten bizi-itxaropenaren luzapena oso albiste ona da, gizarte horrek lortu duen garapena islatzen duelako, baina luzapen horrek arrisku batzuk ere dakartza berekin, eta horien artean nabarmentzen da biztanleriaren zahartzea gero eta handiagoa dela.
Gaur egun, biztanleriaren zahartzea errealitate bat da (ikus 1. Koadroa), eta iragarpen guztiek adierazten dute datozen urteetan adineko biztanleriaren pisua neurri nabarian haziko dela. Espainian, 65 urtetik gorako pertsonak biztanleriaren % 19,6 ziren 2020an (9,3 milioi pertsona), eta kalkulatzen da kolektibo hori % 28,6ra iritsiko dela 2070ean (14,5 milioi pertsona, gutxi gorabehera). Espainiako bizi-itxaropena 82,33 urtekoa da, eta, hortaz, munduko ekonomia garatuen buruan dago bizitzaren iraupen aldetik.
1. Koadroa. Espainiako biztanleriaren proiekzioa
Gizartearen bilakaera horrek, gainera, areagotu egingo du tratamendu mediko-sanitarioen eta osasun-zainketa publikoen eskaria, hala nola iraupen luzeko zainketen eskaria; gizarte-zerbitzuena; bizileku- eta egoitza-zerbitzuena; mugikortasun-irtenbideena eta beste azpiegitura publiko batzuena; eta, orokorrean, adineko pertsonen beharrekin zuzeneko lotura duten programen eskaria (2017ko ospitale-alten % 45,3 dira). Azken batean, horrek guztiak gastu publiko handiagoa ekarriko du berekin.
Nolanahi ere, adierazitakoa adin-tarte guztietan gero eta beharrezkoagoa izan arren (ez 65 urtetik gorakoen artean soilik –menpeko pertsonen % 25,88k 65 urte baino gutxiago du-). gure eremu pertsonalean izan dezakegun arriskurik handiena –heriotza alde batera utzita- mendetasuna da, zeren pairatzen duen pertsona ez ezik bere ingurune osoa ere ukitzen baitu modu larrian.
Espainian (IMSERSOren 2021eko abenduaren 31ko datuen arabera) 1.829.604 mendetasun-eskari kontabilizatzen dira, eta horietatik % 93ri eman zaio erantzuna; horri esker, 1.222.142 pertsonak eskura dezakete Autonomiarako eta Mendetasunaren Arretarako Sistemaren (AMAS) prestazioren bat.
Sistemaren prestazioek (2. Koadroa) ahalbidetzen dute legean aurreikusitako mendetasun graduak atenditzea: Mendetasun Moderatua (I. Gradua, laguntza egunean behin behar duena), Mendetasun Larria (II. Gradua, laguntza egunean 2tan edo 3tan behar duena, baina ez sostengu iraunkorra) eta Mendetasun Handia (III. Gradua, laguntza egunean zenbait aldiz behar duena edo sostengu iraunkorra).
Horrenbestez, zentzuzkoa dirudi babes-egitura bat izateko aukera baloratzea, arreta (sanitarioa, ekonomikoa, psikologikoa…) bermatzeko behar beste baliabide izatea –errenta edo kapitala- ahalbidetzeko, hots, mendetasun-egoera bat pairatzen duen pertsonarentzat eta bere ingurune osoarentzat beharrezkoa den babes-egitura bat.