
Urtarrilean kargua hartu eta gero Donald Trump jokaleku politikora itzuli izana finantza-merkatuen pultsua markatu duen hari eroalea izan da urtearen hasiera honetan, zeren merkatu horiek kolpe izugarria jaso baitute haren neurri nagusietako batzuen eraginez; muga-zergak munduko herri gehienei ezartzea (batez ere Txinari), Europa Ukrainako gerraren konponbidetik kanpo uztea, edo AEBak NATOren tratatutik ateratzeko mehatxua. Bere diplomaziarik ezarekin batera -baita bere betiko bazkideekin ere-, azken hamarkadetan ezezaguna zen ziurgabetasun-espiral bat sortu du.
Bigarren Mundu Gerraren amaieraz geroztik indarrean zegoen nazioarteko paradigma sakon aldatzeko mehatxuaren aurrean, Europako buruzagiak esku hartzen hasi dira, eta garrantzi handiko neurriak jarri dituzte mahai gainean, hala nola NATOtik kanpo egongo litzatekeen europar armada batean sorreran oinarritutako berrarmatze-plan bat, Erresuma Baturantz modu garbian hurbilduz, AEBen kalterako.
Beste alde batetik, Alemaniak bere konstituzioa aldatu zuen, gastu publikoa handitzeko, azpiegituretan 500.000 milioi inbertitzeko plan batez, hau da, beraren BPGaren % 11etik gorakoa. Alemaniak BPGaren % 63ren adinako zorra duenez -beste herrialde batzuek, hala nola Frantzia, Espainia edo Italiak, % 100etik gorakoa dute-, badu tartea bere ekonomiaren hazkundea bultzatzen duten horrelako neurriak hartzeko.
Aurreikusitako gastu publikoaren hazkunde mardul horrek aldakortasun handia sortu zuen bonuen merkatuan. Hala, 10 urterako bonu alemanak % 2,46rekin itxi zuen hiruhilekoa -iazko amaieran % 2,36 zen-, baina % 2,90raino igotzera iritsi zen gastuari buruzko plan horiek guztiak ezagutu zirenenan, zeren finantzatu beharrekoak baitira. AEBen kasuan, berriz, 10 urterako bonuaren errentagarritasuna % 4raino jaistera iritsi zen, Washingtonen plan protekzionistaren ondorioz amerikar ekonomiaren inguruan sortutako zalantzen eraginez, urtearen hasieran % 5aren mugara modu arriskutsuan hurbildu eta gero. Bonuen europar merkatua egonkorragoa denez, Europaren eta AEBen arteko tasa-diferentziala jaitsi egin da, eta horrek, beste ondorio batzuen artean, dolarra ahultzera eraman du.
Finantza-merkatuen aldetik, Estatu Batuekin lotutako guztiaren inguruan baikortasun berezia sumatzen bazen ere, eskala handiko gerra komertzial baten hasierak izugarri igo ditu amerikar herrialde horretako inflazioaren inguruko aurreikuspenak. Ziurgabetasun horren eraginez, bai enpresek eta bai kontsumitzaileek euren inbertsioak atzeratu edo gelditu dituzte, eta horrek inpaktu negatiboa du ekonomiaren hazkundean. Hazkunde ekonomikoa moteltzea eta -aldi berean- inflazioa handia izatea oso egoera arriskutsua da ekonomiarako, hau da, estanflazio izenez ezagutzen den egoera sortzen du. Alde horretatik, jaitsiera nabariak gertatzen ari ziren amerikar herrialdearen inguruko aurreikuspenetan; hala, adibidez, NDFk % 1,8ra jaitsi ditu hazkundearen inguruko aurreikuspenak -lehen, aurreikuspena % 2,7 zen-, hau da, oso murrizketa esanguratsua. Horren ondorioz, bai arrisku-aktiboek eta bai kalitate txarragoko bonu korporatiboek jaitsiera nabariak jasan dituzte.
Azpimarratzekoa da ezen, apirilaren 2tik 7ra bitartean, espero zena baino handiagoak ziren muga-zergak indarrean sartzearekin batera, aldakortasun-gertaera historikoak gertatu zirela; hala, S&P500 eta Nasdaq100ek - % 13tik gertu zeuden jaitsiera izan zituzten (“zazpi bikainak” izenez ezagutzen direnen indizea), eta Eurostoxx 50 europar bonua - % 12 baino gehiago jaitsi zen. Europar bonuen indize nagusiak ere zifra negatiboetan sartu ziren; hala, kalitatezko bonuek - % 0,6 errentagarritasun negatiboa metatu zuten urtean, eta arrisku handiagoko bonuek - % 1,3ko errentagarritasun negatiboa.
Merkatuen paniko-testuinguru horretan, gure planek errentagarritasun positiboak mantentzen zituzten metatuta apirilaren 7an, hots, +% 1,03 gure Surnepentsio Errenta Aldakorraren plan dinamikorako, +% 0,60 gure Surnepentsio Errenta Finkoaren plan kontserbadorerako, eta +% 2,77 gure Surnepentsio Misto plan zuhurrerako. Bienbitartean, burtsa-indize nagusiek errentagarritasun negatiboak zituzten: -% 4,9 Eurostoxx 50ek, -% 18,5 S&P500ek eta - % 21,5 Nasdaq 100ek.
Azken hiruhilekoetan errepikatu dugun bezala, gure bezeroen ondarearen kudeaketa kontserbadoreari esker, gure planek eboluzio erlatibo hobea izaten dute testuinguru negatibo edo zalantzakorretan, azken urteetan bizi izan ditugun baikortasun handiko aldietan baino.