
Espainiako Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu egingo da 2025ean, herritarren estaldura eta babesa hobetzera zuzendutako nobedade batzuekin. Aldaketa horiek, oraingo gizartearen eskarietara egokitzen saiatu ez ezik, sistema jasangarri bat bermatu ere egin nahi dute epe luzera. Jarraian, nobedade esanguratsuenak azalduko ditugu:
- Pentsioen urteko errebalorizazioa. 2025ean, pentsio kontributiboak eta ez-kontributiboak nabarmen igoko dira, onuradunen eroste-ahalmena inflazioaren aurrean babesteko. Orokorrean, pentsio kontributiboak % 2,8 igoko dira, eta gutxieneko pentsioak eta pentsio ez-kontributboak % 6 eta % 9 igoko dira, hurrenez hurren. Beste alde batetik, gehieneko pentsioa hilean 3.267 eurora igoko da. Neurri horien helburua da sektore kalteberagoen eta gainerako biztanleen artean dagoen arrakala ekonomikoa murriztea.
- Erretiro-pentsioaren aldaketak. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, doikuntzak inplementatu dira erretiratzeko adinean eta pentsioaren % 100 eskuratzeko bete behar diren kotizazio-aldietan.
- Erretiro Arrunterako Adina. Erretiratzeko adin legala 66 urte eta 8 hilabetera igotzen da, beharrezkoa den kotizazio-aldira iristen ez direnentzat.
- 65 urterekin erretiratzea. 65 urterekin erretiratu nahi duten langileek gutxienez 38 urte eta 3 hilabete izan behar dituzte kotizatuta.
- Langabezia-prestazioaren igoera. 2025ean, langabezia-prestazioek sostengu ekonomiko handiagoa emango diete enplegua aktiboki bilatzen ari direnei, zeren IPRMaren igoeraren arabera igoko baitira (adierazle hori Aurrekontuekin batera onartzen da). Gainera, prestakuntzarako eta lanera itzultzeko programa erantsiak sartzen ari dira lan-merkatuan berriz sartzen laguntzeko.