Imagen de cabecera noticias

2022ko laugarren hiruhilekoa: finantza-merkatuen bilakaera

01 Otsaila 2023
Efectos de la guerra de Ucrania

2022ko ekitaldia ixten dugu, Ukrainako gerraren zorigaitzezko protagonismoa izan duen ekitaldi bat, hain zuzen ere. Giza galera mingarriez gain, alor ekonomikoan ere hondagarriak izan dira ondorioak.

Aurreko hiruhilekoetan aipatu izan dugun bezala, Errusiak munduko merkatu energetikoan jokatzen duen funtsezko rolak igoera nabaria ekarri du petrolioren eta gasaren prezioetan, 2022an, eta Europa izan da eskualde ukituena, errusiar estatuarekin duen mendetasun energetiko handiaren ondorioz. Igoera horrek bultzatuta, Euroguneko inflazioaren azken datua % 10eraino igo da; Espainiakoa, berriz, motelagoa da: % 5,7; eta AEBetakoa % 6,5. Alde positiboan, gasaren prezioak, gerra hasi aurretik egon ziren prezioak baino askoz ere garestiagoa izaten jarraitu arren, behera egin du urtearen azken zatian, batez ere Europako tenperaturak espero zirenak baino hobeak izan direlako.

Egoera horren aurrean, 2022ko ekitaldian Banku Zentralek etengabe igo dituzte interes-tasak, behin eta berriro. Hala, EBZk beste 125 pb igo zuen diruaren prezioa laugarren hiruhilekoan, eta, hortaz, urtea % 2rekin itxi zuen, urtearen hasierako zero tasak nabarmen gaindituz. AEBetan, FEDek beste 125 pb igo zituen tasak hiruhilekoan, % 4,5eraino. Eta inflazioaren datuak azken hilabeteetan nolabait moteldu badira ere, Banku Zentralek euren tonu erasokorrari eusten diote, igoera berriak iragarriz 2023ko otsailaren hurrengo bileretarako, prezioen igoerak % 2era eramateko helburu irmoari begira.

Interes-tasak igotzera eta diru-pizgarriak kentzera eraman duen testuinguru horrek inpaktu esanguratsua izan du bonuen errentagarritasunetan, zeren duela urte batuetatik hona ikusi ez diren mailetara igo baitira. Horrenbestez, haien balorazioak nabarmen jaitsi dira, hainbesteraino non errenta finkoko indize globalak -% 13,27ko galera historiko batez itxi baitu 2022ko ekitaldia.

Finantziazio-baldintzen gogortze horren eragina ez da enpresen finantza-kostuetan soilik nabaritzen, baizik eta baita partikularrengan ere, zeren ikusten baitute kontsumitzera zuzendu dezaketen errenta jaitsi egiten dela. Hori guztia ekonomia maila globalean moteltzera eramaten ari da, eta horren arrisku nagusia da azkenean atzeraldi ekonomiko batera eraman gaitzakeela. Hori saihesteko, funtsezkoa izango da diru-murrizketen zikloa ez dadila gehiegi luzatu, denbora aldetik, eta beste arazo esanguratsu batzuk azkenean konpondu daitezela, hala nola Txinaren itxiera ekonomikoa, beraren "Zero Covid" politikatik eratorria.

Eta, logikoa denez, atzeraldi ekonomiko bat enpresa-etekinen jaitsieraren isla izango litzateke, eta horrek eragina izango luke, berriz ere, konpainien akzioen balorazioan. Gaur egun, merkatuko adostasuna baikorra da, eta bere estimazioetan jasotzen du enpresen etekinak % 3 eta % 4 bitartean igoko direla 2023an. Horregatik, enpresa-emaitzen aurreikuspena jaisteko arriskuaren aurrean, biziki garrantzitsua izango da kontrako ziklo ekonomikoen aurrean erresistenteak diren balioak aukeratzea, negozioaren jarraitutasuna arriskuan jartzen ez duten apalankamendu moderatuekin.

Errenta aldakorrari dagokionez, 2022ko ekitaldian ikusi dugu balorazioen multiploak murriztu egin direla, batez ere “Growth” moduan sailkatutako konpainien kasuan, zeren horrelakoetan etorkizuneko balorazioek pisu handigoa baitute haien balorazioetan. Hala, Nasdaq 100 indizeak, AEBetan kotizatzen duten konpainia teknologiko nagusiak biltzen dituenak, - % 33ko jokabide negatiboarekin amaitu du urtea, eta beraren homologoek beste emaitza hauekin: S&P500k: -% 19,65; Eurostoxx50 europar indizeak: -% 11,90, eta Ibex35ek: -% 5,56. Azken horrek bere alde izan du interes-tasen igoeraren aurrean duen esposizio handia, bere banku-sektorearen bidez.

Geopolitikaren aldetik, arrisku nagusiak honela laburbildu daitezke: AEBen eta Txinaren arteko tentsioak areagotzea, munduko jokaleku geoplitikoaz jabetzeko lehian; Txina Taiwanen aurka gogorrago jotzea; edo Ukrainako gerrak egoera okerrera eraman dezakeen norabide bat hartzea -baztertu behar ez dugun zerbait da-.

Bukatzeko, azpimarratu behar da errenta finkoaren eta errenta aldakorraren bilakaera txarraren eraginez, 2022. urtea finantza-merkatuen azken hamarkadetako urte txarrenetako bat izan dela. Horrenbestez, gure aurreikuspen-plan nagusiek honako errentagarritasun hauekin bukatu zuten urtea: -% 6,4 errenta aldakorrerako; -% 7,6 errenta finkoko planerako; eta -% 7,7 gure plan mistorako. Aipatutako indizeetatik oso urrun dauden errentagarritasunak dira, zeren horietan askoz ere gogorragoak izan baitira jaitsierak. Nolanahi ere, errepikatu behar da erretirorako aurrezten denean benetan garrantzia daukana epe luzera begiratzea dela; eta, alde horretatik, lehen aipatu ditugun tasa-igoerei esker, paradigma aldaketa bat gertatu da, alegia, aurreztaile kontserbadoreari bere ondarea kontserbatzeko aukera errealak berriz ere eskaintzen dizkion paradigma aldaketa bat.

Noticias Relacionadas

19 Azaroa 2024
Laneko prebentzioari buruzko araudiaren bilakaera aurrera doan arren, eta horri esker ekoizpen-jarduera gero eta seguruagoa izan behar dugun arren, lanaldiko istripu hilgarrien…
12 Azaroa 2024
Argi dago gizartea etengabe ari dela eboluzionatzen eta aldaketa bakoitzarekin onurak sortzen direla, baina baita kontraesanak ere.
31 Urria 2024
Bigarren hiruhilekoan, EBZ izan zen interes-tasak jaisten hasi zena, zortzi urte igaro eta gero; horren ostean, berriz, irailaren 18an, FED  hasi zen murrizketekin, aurreneko aldiz