Gaur egun, eztabaidaezina da tabakismoaren ohitura alde batera uzteak onura ugari dakarrela. Zehazki, honako eremu hauetan:
- Ekonomikoa. Egunean pakete bat errez gero, 2.000 € inguru gastatzen dira urtean.
- Irudi soziala. Tabakismoa bizitzeko eratzat hartzen lehen, baina orain adikzio izatera igaro da.
- Irudi pertsonala. Tabakoa kontsumitzeak hortzak eta hatzak horitzen ditu, zimurrak eragiten ditu larruazalean, eta askotariko gaitzak ezpainetan eta begietan.
- Erlazionala. Kontsumitzean sortzen den kea desatsegina izateaz gain, usain txarra uzten du arropan, etxebizitzan edo hatsean. Inkestatuen % 72 terrazetan erretzea debekatzearen alde agertu dira, eta % 85,5 kerik gabeko espazioen inguruko legedia zabaltzearen alde.
- Kutsadura. OMEren arabera, tabakozko produktuak planetako artikulurik kutsatzaileenak dira, kontsumitzean sortzen den keagatik, hondakinen kutsaduragatik eta tabakoa landatzeak eragindako baso-soiltzeagatik.
- Osasuna eta ongizatea. Inork ez du zalantzan jartzen ez erretzea osasunerako onuragarria dela (bai erretzailearentzat, bai haren ingurukoentzat).
Zer neurritako arazoa da?
Espainian tabakismoaren murrizketan aurrerapenak izan diren arren, EINren arabera, 15 urtetik gorako Espainiako biztanleen % 22,1 erretzaileak dira (gizon gehiago emakumeak baino), bereziki 25-64 urteko adin-tartean.
Pneumologiaren Espainiako Elkartearen arabera, tabakoak 60.000 erretzaile aktibo eta pasibo hiltzen ditu urtean Espainian. Kalkulatzen da Europan urtean 22.000 pertsona hiltzen direla tabakismo pasiboagatik.
Datua irmoa izan arren, ohitura hori uztea zaila da oraindik:
- Erretzaileen % 70ek tabakoa utzi nahi dute.
- Balioztapenen arabera, tabakoa laguntzarik gabe uzten saiatzen direnen % 3k bakarrik lortzen du (laguntzarekin % 50ek lortzen du).
- Erretzeari uzten saiatzen diren pertsonen % 25ek berriro erretzen dute 24 orduan, % 40k bi eta zazpi egunen artean, eta soilik % 12k gainditzen ditu hiru hilabeteak.
Zigarroa behin betiko itzaltzearen onurak
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, tabakoa erretzeari uzteak luzatu egiten du erretzaile ohien bizi-itxaropena. Zenbat eta lehenago eman pausoa, hobe:
- 30 urterekin, bizi-itxaropena ia 10 urte luzatzen da.
- 40 urterekin, bizi-itxaropena 9 urte luzatzen da.
- 50 urterekin, bizi-itxaropena 6 urte luzatzen da.
- 60 urterekin, bizi-itxaropena 3 urte luzatzen da.
Gaixotasun jakin batzuei dagokienez, erretzeari utzi ondorengo onura nabarmenenak hauek dira:
- Urte batean, kardiopatia koronarioa izateko arriskua % 50 murrizten da.
- 5-15 urte bitartean, istripu zerebrobaskularra izateko arriskua ez-erretzaile baten berdina da.
- 10 urtean, biriketako minbizia izateko arriskua % 50 murrizten da, eta ahoko, eztarriko, hestegorriko, maskuriko eta pankreako minbizia izateko arriskua ere murriztu egiten da.
- 15 urtean, kardiopatia koronarioa izateko arriskua ez-erretzaile baten berdina da.