Historikoki desberdintasun handia egon da besteren konturako langileen pentsio-sistema publikoaren babesaren eta autonomoen babesaren artean; babes aldetik dagoen arrakala hori % 37tik gorakoa izan zen 2022an (LAABaren batez besteko pentsioa ehuneko horretan da Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrarena baino txikiagoa). Egoera horren eraginez, nahiz eta Espainiako sistema “eskuzabaltzat” har daitekeen ELGAko estatu gehienekin alderatuta (Espainiako ordezpen-tasa % 80 da, eta ELGAko herrialdeetakoa % 62, batez beste), “pentsiodun pobre” deritzanak agertzen ari dira. Zehazki, UPTAren txostenaren arabera, autonomoen % 70 baino gehiago (900.000 pertsona, gutxi gorabehera) lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen ez diren sarrerekin bizi dira.
Toledoko Itunaren 2020ko azaroaren Ebaluazio eta Erreforma Txostenaren arabera (4. Gomendioa), helburutzat hartu behar da Gizarte Segurantzak bi afiliazio-sistema izan ditzala, bata langile autonomoentzat eta bestea besteren konturako langileentzat, bi sistema horiek apurka-apurka berdintzen saiatuz, hala kotizazioei dagokienez (autonomoen kotizazio maila besteren konturako langileena baino % 40 txikiagoa da) nola prestazioei dagokienez; txostenak onartzen du "kolektiboaren gehiengoak gutxieneko oinarriagatik kotizatzen duela, eta horixe dela, hain zuzen ere, autonomoen pentsio murritzen arrazoia”, 13/2022 Errege Lege-dekretuaren zioen azalpenak ezartzen duen bezala.
Horregatik, aipatutako txosten horren 5. gomendioak proposatzen duena da kotizazio-oinarriak autonomoek benetan lortutako etekinen araberakoak izan behar direla, besteren konturako langileekin gertatzen den bezala, eta horixe da bi sistemak berdintzera zuzendutako lehenengo urratsa, baina oraindik ere bide luzea egin behar da horretarako, batez ere etekin garbi handienak dituzten profiletan, zeren eta, horrelakoetan, gutxieneko eta gehieneko oinarrien artean dagoen marjinak ahalbidetzen baitie euren sarreren proportzio oso txiki batengatik kotizatzea.
Babes-arrakala murrizteko helburuak kostu agerikoa izango du autonomoentzat, zeren irtenbideak kotizazioak igotzea eskatzen baitu nahitaez; hori denbora aldetik administratu beharko den esfortzu bat da, bere helburuak epe luzera soilik lortu ahal izango dituena.
Azken batean, parametro horiekin, aipatutako babes-arrakala araua indarrean sartu eta 2 urtetik aurrera gaindituko da kasu gehienetan; izan ere, kotizazio-oinarria orduan “joango da hurbiltzen”, pixkanaka-pixkanaka, lortutako etekin garbien batez besteko zenbatekora. Erretiroaren prestazioaren salbuespenarekin (gaur egun 25 urteko kotizazioa behar da prestazio horretarako), eta baliaezintasunaren kasu konkretu batzuk ere alde batera utzita, prestazioak kalkulatzerakoan orokorrean kontuan hartzen den aldia 24 hilabetekoa da. Horregatik, arauak ahalbidetzen die indarrean sartzean jadanik alta egoeran zeuden autonomoei euren ekarpena mantentzea euren etekinengatik dagokien tartearen gehieneko mugaren gainetik, euren aurreko kotizazio-oinarriaren zenbatekoraino; era horretan, aukera izango dute euren prestazioak kobratzeko aukera ordura arteko maila berean mantentzeko (kobratzeko eskubidea duten prestazioak).