Imagen de cabecera noticias

Finantza-merkatuen bilakaera: 2023ko lehen hiruhilekoa

19 Apirila 2023
Wall Steet calle

2023ko hasieran, finantza-merkatuen kezka nagusiak izan dira ea inflazioaren igoera geldituko ote den eta ea interes-tasen igoerek azkenean atzeraldi ekonomikoa ekarriko ote duen, Ukrainak, gasaren prezioak edo Covid-19ak sortutako kezkari gailenduz. Beraz, urtearen hasierako ezaugarri nagusia aldakortasun handia izan da, inbertitzaileek inflazioaren eta interes-tasen inguruan dituzten itxaropenen aldaketari lotuta, horrek ekonomiaren bilakaeran izango duen inpaktua ere kontuan hartuta.

Merkatu-sentimenduan inpaktu handia izan zuen gertaera esanguratsu bat AEBetako banku-krisiaren bat-bateko hasiera izan zen, zeren agerian utzi baitzuen herrialde horretako banku-sektorearen ahulezia batzuk; izan ere, bi finantza-erakunde eraman zituen porrotera, alegia, Silicon Valley Bank (SVB) eta Signature Bank –AEBetako agintaritzek erreskatatu behar izan zituzten-, eta, Europan, Credit Suisse erakundea –UBSk xurgatu behar izan zuen-. Merkatuak finantza-sektorearen aktiboen jaitsiera mardulekin erreakzionatu zuen, bai errenta finkoan eta bai errenta aldakorrean, eta interes-tasen igoera handiagoen inguruko itxaropenak desagertu egin ziren. Hala eta guztiz ere, oraingo krisiaren arrazoiak oso desberdinak dira 2008ko krisiaren arrazoien aldean, eta ez dirudi, inondik ere, horren ondorioek mehatxu egingo diotenik banku-sistemaren osasunari, garai hartan baino askoz ere kaudimentsuagoa baita. Nolanahi ere, azpimarratu behar da gertaera horrek ez lukeela krisirik sortuko etorkizunean, zeren moneta-politikaren erregulatzaileek azken urte hauetan hartutako neurrien ondorio bat baita (interes-tasa negatiboak).

Esan dugun bezala, ziurgabetasun handia dago, baita adostasun falta handia ere, ekonomiaren norabidearen inguruan; horregatik, inbertitzaileen itxaropenak nabarmen aldatzen dira inflazioaren datua argitaratzen den bakoitzean; izan ere, inflazioa da banku zentralek moneta-politikaren arloan hartzen dituzten erabakiak markatzen dituena, eta interes-tasak dira aktiboen balorazioak determinatzen dituztenak. Horrenbestez, amerikar bonuaren 10 urterako errentagarritasuna % 3,5 zen hiruhilekoaren amaieran, eta alemanaren errentagarritasuna % 2,7; aldi horretan, % 4ko eta % 3,2ko mailak gainditu zituzten, hurrenez hurren. Errentagarritasunek garaiaren amaieran izandako murrizketa hori –otsailean maila gorenera iritsi ondoren- gertatu da inflazioaren datuak espero zena baino hobeak izan direlako, bai AEBetan (% 5) eta bai Europan (% 6,9), eta, horri lotuta, gasaren prezioak azkar jaitsi direlako eta banku-sektoreak ezegonkortasuna sortu duelako; izan ere, horren eraginez nabarmen jaitsi da bi eremu geografiko horietan espero zen interes-tasaren tasa terminala, eta horrek esan nahi du interes-tasen igoeren amaiera hurbil egon litekeela.

Interes-tasen inguruko itxaropenak baretu izanaren ondorioa izan da errenta finkoak errentagarritasun positiboak izan dituela lehenengo hiruhilekoan, maila globalean; kontuan hartu behar da, dena dela, 2022an oso galera handiak izaten ari zela.

Hazkundeari dagokionez, jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren datuak erresilienteak dira. Horregatik, kreditua uzkurtu baliteke ere, finantziazio-baldintzak gogortzearen ondorioz, oraingoz badirudi beldurrez espero zen atzeraldi ekonomikoa urruntzen edo atzeratzen ari dela; eta 2023an % 1eko hazkundea espero da AEBetarako, % 0,5ekoa Europarako eta % 5ekoa Txinarako.

Horrenbestez, errenta aldakorreko merkatuek baikortasunez hasi dute urtea; izan ere, Ibex35aren kasuan % 12ko irabaziak izan dituzte, Eurostoxx50en kasuan % 13koak, eta S&P500aren kasuan % 7koak.

Gure aurreikuspen-planen bilakaerari dagokionez, errentagarritasun positiboez amaitu zuten hiruhilekoa: % 7koa errenta aldakorreko planerako, % 1ekoa errenta finkoko planerako, eta % 3koa gure plan mistorako; ehuneko horiek indizeak baino apur bat txikiagoak dira, euren inbertsioen izaera kontserbadorea eta finkoagoa delako, 2022aren moduko urte negatiboetan bereziki erakusten den bezala.

Noticias Relacionadas

19 Azaroa 2024
Laneko prebentzioari buruzko araudiaren bilakaera aurrera doan arren, eta horri esker ekoizpen-jarduera gero eta seguruagoa izan behar dugun arren, lanaldiko istripu hilgarrien…
12 Azaroa 2024
Argi dago gizartea etengabe ari dela eboluzionatzen eta aldaketa bakoitzarekin onurak sortzen direla, baina baita kontraesanak ere.
31 Urria 2024
Bigarren hiruhilekoan, EBZ izan zen interes-tasak jaisten hasi zena, zortzi urte igaro eta gero; horren ostean, berriz, irailaren 18an, FED  hasi zen murrizketekin, aurreneko aldiz