Imagen de cabecera noticias

Autonomoen kotizazio-ereduaren erreforma: arrazoiak

10 Urtarrila 2023
Reforma modelo cotización autónomos: los motivos

Norberaren konturako langileen edo langile autonomoen Gizarte Segurantzaren Araubide Bereziak (LAAB) bereizgarri bat izan du betidanik, alegia: kotizazio-sistema berezi bat da, kolektiboari kotizazio-oinarri bat aukeratzea ahalbidetzen diona (gutxieneko eta gehieneko muga jakin batzuen barruan), beraren sarrera errealak zeinahi direlarik ere. Horren eraginez, kolektibo horren % 80 inguruk aukeratu du gutxieneko oinarriagatik kotizatzea. Horren ondorioa izan da araubide hori defizitario bilakatu dela eta Gizarte Segurantzaren gainerako araubideen beharra duela jasangarria izateko.  Zirkunstantzia hori autonomoek berek aitortu dute behin baino gehiagotan; hala, Profesional eta Langile Autonomien Batasunak (UPTA)aitortu zuen “kolektiboaren % 84k azpitik kotizatu duela hainbat hamarkadaz, eta ez beti beharragatik”.

Horrek guztiak bultzatuta, 2022. urtean 13/2022 Errege Lege-dekretua onartu zen; beraren bidez, kotizazio-sistema berri bat ezarri zen norberaren konturako langileentzat.

Beraz, sortutako egoeraren arrazoi nagusia kotizazio diskrezionala izanda ere, badira beste faktore sozioekonomiko batzuk, kolektiboaren babesa azken aldi honetan larriagotzera eraman dutenak. Honako eremu hauetan sar daitezkeen faktoreak dira:

  • Eredutik eratorritako arrazoiak. Espainiako pentsioen sistema publikoak banaketa-eredu batez funtzionatzen du, printzipio nagusi honen arabera: kotizatzaileen ekarpenak dira pentsiodunek jasotzen dituzten prestazioak finantzatzen dituztenak, beste sistema batzuetan ez bezala; adibidez: kapitalizazio-sisteman edo "kontu nazionalen" sistema deritzanean; izan ere, sistema horietan, pentsiodun bakoitzak jasotzen dituen prestazioek lotura estuagoa dute bere lan-etapan egin dituen ekarpenekin. Adituen iritziz, eredu hori ezin mantendu daiteke kotizatzaileen eta pentsiodunen arteko ratioa (mendetasun-tasa) 2,1tik beherakoa bada. Gaur egun ratioa 2,01 da, eta LAABaren kasuan 1,69. Hala eta guztiz ere, mintzakide sozialek ereduaren aldaketa errefusatzen dute momentuz, eta oraingo ereduaren erreformen bidetik jarraitzearen alde agertzen dira.
  • Arrazoi ekonomikoak. Itxitako azken urtean, eta afiliazioaren igoera gorabehera –guztira, sistema osoan 20 milioi kotizatzaile baino gehiago daude-, Gizarte Segurantzaren defizitak bere horretan iraun du, azken urteetan bezala. Zehazki, 2022. urtea 6.450 milioi euroko defizitarekin amaitu da (PBGaren % 0,53). Datu horrek, aurreko ekitaldietakoak baino hobea izan den arren, eragozpen bat izaten jarraitzen du babes publikoko sistemaren jasangarritasunerako. Orobat, puntu honetan komenigarria da Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsa aipatzea. 2003. urtean sortua, funts horretan 2.138 milioi euro baino ez zegoen 2022ko abenduan (2011an, 66.815 milioi euro zeuden funts horretan). Zenbateko hori ez da aski Estatuak ekitaldi bakoitzean konprometituta dituen ordainketetarako. Horregatik, Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrek aurreikusten dute, hamahiru urtean aurreneko aldiz, Funts horri 3.000 milioi euro inguruko ekarpena egitea (Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismo berriaren aplikazioagatik).
  • Arrazoi demografikoak. Gizarte baten bilakaera demografikoa determinatzen duten hiru aldagaietatik (jaiotza-tasa, hilkortasuna eta migrazioen adin-egitura), baliteke bizi-itxaropenaren luzapena izatea erabakigarriena (2021. urtean, 83,07 urtera iritsi zen). Bizi-itxaropenarekin batera jaiotza-tasak oso jaitsiera nabarmena duenean, orduan oso belaunaldi-deskonpentsazio larria gertatzen da, eta horrek biztanleriaren zahartze azkarra dakar berekin. Gizartearen bilakaera horrek, gainera, areagotu egingo du  tratamendu mediko-sanitarioen eta osasun-zainketa publikoen eskaria, horien artean iraupen luzeko zainketen eskaria; gizarte-zerbitzuena; bizileku- eta egoitza-zerbitzuena; mugikortasun-irtenbideena eta beste azpiegitura publiko batzuena; eta, orokorrean, adineko pertsonen beharrekin zuzeneko lotura duten programen eskaria (2017ko ospitale-alten % 45,3 dira). Bada, horrek guztiak gastu publikoaren hazkundea ekarriko du berekin arlo horretan, nahitaez.

Horrenbestez, ikusten duguna da lan egiteko adinean dagoen biztanleria jaitsi egiten dela, kotizatzaileen kopurua murriztu egiten dela, eta, hortaz, kotizazioen zenbatekoa ere jaisten dela. Beste alde batetik, aldi berean, biztanleria zahartzen da, erretiratutakoen kopurua hazten da, eta, hortaz, pentsioen ordainketari aurre egiteko beharrezkoa den zuzkidura ekonomikoa ere handitu egin behar da. Horren guztiaren ondorioa da bi faktoreen konbinazioak (jaiotza-tasaren murrizketa eta biztanleriaren zahartzea) nabarmen igoarazten dutela espainiarraren moduko banaketa-sistema baten defizita (izan ere, beraren oinarria kotizatzaileen superabita egotea da), eta pentsioak murriztera behartzen duela, edo, bestela, kotizazioak igotzera, defizita zuzentzeko. Horren eraginez, beharrezkoa da sistemaren jasangarritasuna bermatu dezaketen aldaketa edo erreformetan sakontzen jarraitzea, baita azken urteotan bizi izandako baldintza hain desegokien aurrean ere.

Noticias Relacionadas

19 Azaroa 2024
Laneko prebentzioari buruzko araudiaren bilakaera aurrera doan arren, eta horri esker ekoizpen-jarduera gero eta seguruagoa izan behar dugun arren, lanaldiko istripu hilgarrien…
12 Azaroa 2024
Argi dago gizartea etengabe ari dela eboluzionatzen eta aldaketa bakoitzarekin onurak sortzen direla, baina baita kontraesanak ere.
31 Urria 2024
Bigarren hiruhilekoan, EBZ izan zen interes-tasak jaisten hasi zena, zortzi urte igaro eta gero; horren ostean, berriz, irailaren 18an, FED  hasi zen murrizketekin, aurreneko aldiz