Imagen de cabecera noticias

Finantza-merkatuen bilakaera: 2023ko laugarren hiruhilekoa

19 Urtarrila 2024
soldados disparando en la guerra

2023an, finantza-merkatuak guztiz baldintzatuta egon dira inflazioaren bilakaeragatik, horri aurre egiteko xedez Banku Zentralek hartuko zuten norabideagatik, eta erabaki horiek hazkunde ekonomikoan izango zuten inpaktuagatik, atzeraldiaren mehatxua atzean egonda. Datuei begiratuz gero, Euroguneak eta AEBek % 2,9ko eta % 3,4ko inflazioekin amaitu zuten urtea, hurrenez hurren; 2022ko indize handienak, berriz, % 10,6 eta % 9,1 izan ziren, hurrenez hurren.  Horrenbestez, esan daiteke Banku Zentralak lortzen ari direla inflazioa menderatzea, eta oraingo zalantza da ea lortuko den ekonomiaren lurreratzea leuna izatea (softlanding) ala atzeraldi larria pairatuko ote dugun (hardlanding).

Hazkunde ekonomikoaren aldetik, dibergentzia handia ikusi dugu bi bloke ekonomiko nagusien artean. AEBen kasuan, bere ekonomiak indar handia erakutsi du, eta espero da urtea % 2,4ko hazkundearekin bukatzea, batez ere kontsumoaren bilakaera onari esker; izan ere, langabezia-tasa txikiak eta pandemian metatutako aurrezpenaren fluxua oso onuragarriak izan dira kontsumorako. Eurogunean, berriz, egoera ahulagoa da; hala, hirugarren hiruhilekoan ekonomia - % 0,1 jaitsi zen eta, PMIek aurreratzen dutenaren arabera, urteko azken hiruhilekoan espero da % 0,1 eta % 0,2 bitartean galtzea, batez ere Alemaniaren bilakaera txarragatik, berau bere potentzia nagusia baita. Nolanahi ere, badirudi ez dela atzeraldi larria , zeren langabezia minimo historikotan mantentzen baita (% 6,5), eta 2024rako merkatuak espero du amerikar ekonomia % 1,5 haztea eta Eurogunekoa % 0,5.

Inflazioa gero eta mugatuagoa zenez, merkatua baikorregia izaten ari zen interes-tasen etorkizuneko jaitsieren inguruan, eta zazpi jaitsiera aurreikusten zituen 2024rako; jokaleku hori krisi ekonomiko sakon bati zegokion, desazelerazio ekonomiko bati baino gehiago. Horregatik, bonuen errentagarritasunak 100 oinarrizko puntu baino gehiago kolapsatzera iritsi ziren bi hilabetean, merkatuak inola ere espero gabe. Beraz, 10 urterako amerikar bonuak % 3,9ko indizearen itxi zuen urtean, urrian % 5raino iritsi ondoren. Errentagarritasunen jaitsiera hori bultzada bat izan da bonuen balorazioetarako. Gainera, kredituaren diferentzialak nabarmen estutu dira azken hiruhilekoan. Horren emaitza da iraupenaren eta kreditu-arriskuaren aurrean esposizio handiagoa duten zorroek etekin gehiago lortu dituztela bonuen zorro kontserbadoreagoek baino.

Merkatuaren konplazentzia hori errenta aldakorrerako ere izan da onuragarria; izan ere, oso rally garrantzitsua bizi izan du urtearen azken zatian, hainbesteraino non indizeak digitu bikoitzeko errentagarritasunetara iritsi diren. Beraz, Ibex35ek +% 22,7ko irabaziak lortu zituen urtean, Eurostoxx 50ek +% 19,1 eta S&P500ek + % 20,2. Dena dela, aurrerapen horiek ez dira homogeneoak izan, eta horren isla da S&P500 amerikar indizea osatzen duten enpresen % 70 baino gehiago indizearen azpitik egon direla. Horren arrazoia amerikar enpresa teknologiko handien bilakaera paregabea izan da, hots, “zazpi bikainak” (Apple, Tesla, Amazon, Microsoft, Nvidia, Alphabet eta Meta) izenez ezagutzen diren enpresen bilakaera.  Ibex35aren kasua antzekoa da, zeren indizearen lau enpresa nagusiak, gutxi gorabehera beraren % 50 osatzen dutenak, % 38 igo baitira batez beste. Errentagarritasun handiak balio gutxi batzuetan kontzentratze horren eraginez, errenta aldakorreko funts gehienak atzean geratu dira 2023an, batez ere dibertsifikatuago daudenak eta sektore teknologikoaren aurrean esposizio txikiagoa dutenak.

Alor geopolitikoan, urrian Hamasek Israeli eraso zion, eta gerra bat hasi zen lurralde hartan. Gatazka Ekialde Hurbileko beste eremu batzuetara hedatu da, eta gaur egun erasoak gertatzen ari dira Itsaso Gorrian, Yemenetik, Iranen sostenguarekin. Beharrezkoa izango da gatazkaren bilakaera monitorizatzea, baina orain arte ez da oso agerikoa zer inpaktu izan dezakeen; hala, Iranek Israelen edo AEBen aliatuen aurka zuzenean jotzen ez duen bitartean, ez dirudi gatazka areagotuko denik.

Politikaren aldetik, 2024ko azaroan AEBetako presidentziarako hauteskundeak egingo dira, eta horri lotutako arrisku handienetako bat da Donald Trump Etxe Zurira itzultzea. Kasu hipotetiko horretan, defizit publikoak, NATOtik irteteko aukerak, merkatu energetikoak edo arantzel-neurriek presentzia izango dute ekonomian eta finantza-merkatuetan.

Ziurgabetasun eta desazelerazio ekonomikoko testuinguru horretan, gure aurreikuspen-plan nagusiek errentagarritasun positiboekin bukatu zuten urtea: +% 14,8 errenta aldakorreko planerako, + % 3,2  errenta finkoko planerako, eta +% 6,8 gure plan mistorako; ehuneko horiek indizeak baino apur bat txikiagoak dira, euren posizonamendu kontserbadoreagoa izan delako eta inbertsioen kalitatea handiagoa izan delako, 2022aren moduko urte negatiboetan bereziki erakusten den bezala.

Noticias Relacionadas

17 Apirila 2024
Nahiz eta autonomoek –normalean- “uste duten” ez dutela jasaten euren jarduera ekonomikoaren konpromisoak betetzea eragozten dien istripurik edo gaixotasunik, Gizarte…
22 Martxoa 2024
2023ko azaroan Espainian erregistratutako langabeak 2,7 milioi baino gehiago izan arren, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren arabera, beti ez da erraza izaten lanpostu jakin…
26 Otsaila 2024
Bizitza-aseguru baten kontratazioa une garrantzitsua izaten da, arrazoi batzuengatik. Iturria: IATI