Imagen de cabecera noticias

2022ko hirugarren hiruhilekoa: finantza-merkatuen bilakaera

19 Urria 2022
Tercer trimestre 2022: evolución de los mercados financieros

Oraingo egoera makroekonomikoa eta finantza-merkatuena etorkizun hurbilari begira dagoen ziurgabetasun handiagatik nabarmentzen da. Inbertitzaileen kezka nagusien artean, aipatzekoak dira gatazka geopolitikoen bilakaera eta horrek merkatu energetiko globalean duen inpaktua, inflazioaren kontrola, interes-tasen igoera handiek ekonomiaren bilakaeran izango duten eragina, edo Txinako egoera.

Aurreko hiruhilekoan azaltzen genuen bezala, oraindik ere konponbiderik ez duen gatazka armatu bat desoreka handiak sortzen ari da merkatu energetikoan, Errusiak industria horretan duen garrantziagatik. Gogora dezagun Errusia munduko gas-ekoizlerik handiena dela, AEBekin batera, eta petrolioaren hirugarrena. Gainera, historikoki Europa izan da beraren bezero nagusia.

Horren ondorioz, eta beste faktore batzuk ere kontuan hartuta, hala nola hornidura-kateen arazoak edo gobernuek ezarritako zerga-politika hedakorrak, distortsio handiak gertatzen ari dira ondasun eta zerbitzuen prezioetan, igoera izugarriak sortuz. Hala, argitaratutako azken datuen arabera, inflazioa % 8,5 da AEBetan eta % 10 Eurogunean.

Egoera horren aurrean, banku zentralek –batez ere amerikarrak- interes-tasak igotzeko politika oldarkorrekin jarraitzen dute. Hala, FEDek 75 op gehiago igo zituen erreferentziazko tasak irailean, % 3,25eraino, eta merkatuak espero du 75 op-ko beste bi igoera gertatzea urtea amaitu baino lehen.  Beste alde batetik, EBZek ere 75 op-ko igoera egin zuen irailean. Horren eraginez, bonuen errentagarritasunek bultzada izugarria izan dute, eta haien balorazioak nabarmen jaitsi dira. Horrenbestez, hamar urterako amerikar bonuaren errentagarritasuna % 3,83 zen hiruhilekoaren amaieran; urte hasieran, berriz, % 1,51 zen. Bestalde, hamar urterako bonu alemanaren errentagarritasuna  % 2,11 zen, eta urte hasieran -% 0,18 izan zen.

Interes-tasen igoera horren helburu bakarra inflazio handia gelditzea da, baina garbi dago familiek euren eskura duten errenta murriztu egingo dela, eta horrek inpaktu negatiboa izango du kontsumoan, eta, hortaz, BPGaren bilakaeran. Horregatik, hazkundeari buruzko estimazioak beherantz berraztertzen ari dira. NDFek kalkulatzen duenez, amerikar ekonomia % 1,6 haziko da 2022an, aurretik kalkulatzen zen % 2,3aren ordez. Euroguneari dagokionez, 2022rako espero den hazkundea apur bat hobetzen da; 2023rako, aldiz, okerrera doa, zeren % 0,5eko hazkundea baino ez baita espero.

Lehen aipatutako interes-tasen igoeren ondorioz, aktibo guztien balorazioek inpaktu negatiboa jasan dute. Errenta finkoaren indize globala -% 16 baino gehiago jaisten da urtean. Errenta aldakorrari dagokionez, S&P500ek urteko -% 24,77ko errentagarritasun negatiboarekin amaitu zuen hirugarren hiruhilekoa; Ibex35 eta Eurostoxx50ek, berriz, -% 15,46 eta -% 22,80 galdu zuten, hurrenez hurren.

Gure aurreikuspen-planei dagokienez, irailaren amaierako errentagarritasunak honako hauek ziren: -% 8,06 Errenta Finkoko Surnepentsio Planerako, -% 11,36 Surnepentsio Mistorako, eta -% 13,80 Errenta Aldakorreko Surnepentsio Planerako. Bilakaera horrek erakusten duenez, nolabait lortu da indizeetan gertatzen ari diren jaitsiera gogorrak nolabait leuntzea.

Bukatzeko, epe laburrera dagoen ikusgaitasun falta aipatu behar da, lehen aipatutako irekitako fronte ugarien ondorioz. Inflazioaren datuek markatuko dituzte banku zentralen erabakiak, eta inflazio hori Ukrainako gatazka armatuaren bilakaeraren mende egongo da, neurri handi batean. Nolanahi ere, historiak erakusten diguna ere gogoratu behar da, alegia, ziurgabetasun handiko uneetan lasaitasunari eusteko gai diren pertsonak izaten direla, hain zuzen ere,  saririk handiena epe ertain eta luzera lortu ohi dutenak.

Noticias Relacionadas

17 Apirila 2024
Nahiz eta autonomoek –normalean- “uste duten” ez dutela jasaten euren jarduera ekonomikoaren konpromisoak betetzea eragozten dien istripurik edo gaixotasunik, Gizarte…
22 Martxoa 2024
2023ko azaroan Espainian erregistratutako langabeak 2,7 milioi baino gehiago izan arren, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren arabera, beti ez da erraza izaten lanpostu jakin…
26 Otsaila 2024
Bizitza-aseguru baten kontratazioa une garrantzitsua izaten da, arrazoi batzuengatik. Iturria: IATI