Imagen de cabecera noticias

Finantza-merkatuen bilakaera: bigarren hiruhilekoa 2024

11 Uztaila 2024
Elecciones francesas, ultraderecha y futuro Eurozona

Ekainean, EBZk bere interes-tasen lehenengo jaitsiera egin zuen, 8 urte igaro eta gero. Nolanahi ere, Alemaniak eta Frantziak ekoizpen industrialari buruz argitaratu dituzten azken datuak negatiboak izan badira ere, Euroguneko ekonomiaren aurreikuspenek orain dela hilabete batzuk baino hobeak dira. Gaur egun, % 0,9ko hazkundea espero da 2024rako, hau da, martxoan estimatutako % 0,6aren gainetik.  PMI konposatuak hedakuntza-mailetan kokatzen dira, eta 56ko maila oso positibora iristen dira herrialde batzuetan, hala nola Espainian. Beste alde batetik, kontsumoa ekonomiaren % 50 dela kontuan hartuta, garrantzitsua da atzetik datorren haizea aipatzea, alegia, Europako soldatak hazkunde positiboa izaten ari direla; izan ere, aurreikustekoa da horrek kontsumoa bultzatuko duela. 2024ko ekainean, Euroguneko inflazioa eta azpiko inflazioa % 2,5 eta % 2,9ko mailetan egon da, hurrenez hurren, hau da, gero eta hurbilago dago % 2ko helburutik. Testuinguru horretan, ez dirudi EBZk pizgarri handirik duenik interes-tasak asko jaisteko.

AEBen kasuan, 2023ko azken hiruhilekoari buruz 2024an argitaratu ziren hazkunde-datu sendoen ostean (+%0,8 hiruhilekoan, hau da, % 3 baino gehiago urtean), badirudi ekonomia hazkunde txikiagoko fase batean sartzen ari dela, ezagutu diren azken datuen arabera. Urteko lehenengo hiruhilekoko hazkundea beherantz berrikusi zen, urteko % 1,3raino jaitsiz, kontsumoak oso zigortuta. Txikizkako salmentek behera egin zuen, termino errealetan neurtuta, aurreko urtekoen aldean. Enpleguari dagokionez, datuak kezkagarriak ez badira ere, egia da azken datuek erakusten dutela lan-merkatua nolabait hoztu dela. Inflazioaren aldetik, azpiko PCEak beherantz jarraitu du, oraingo % 2,6ra iritsi arte.

Aurrekoaren eraginez, inbertitzaileek apur bat igo dituzte AEBetako tasetan jaitsierak gertatzeko probabilitateak; hala, ekitaldiko bigarren hiruhilekoan, 10 urterako amerikar bonuaren errentagarritasunak behera egin zuen apirilean izandako % 4,70tik –tasa gorena-, hiruhilekoa % 4,40eko errentagarritasunarekin ixteko. Alemaniar bonuak mugimendu horri jarraitu zion, eta, hala, hiruhilekoa % 2,49eko mailan itxi zuen, apirilean % 2,69 maximoa izan ostean. Aurrekoa gorabehera, amerikar eta alemaniar bonuen 10 urterako errentagarritasunak 2023ko ekitaldiaren amaierako mailaren gainetik daude, gutxi gorabehera 50 oinarrizko puntutan, eta horrek oso eragin negatiboa izan du errenta finkoaren balorazioen bilakaeran, batez ere iraupen luzeagoko bonuen kasuan.  Gainera, ekainean, frantziar hauteskundeek sortutako zarata politikoaren ondorioz, herrialde periferikoetako arrisku-primek, eta batez ere Frantziakoak, igora nabaria izan zuten. Jokaleku horretan, europar bonu publikoek eta kalitate handiko bonu korporatiboek -% 3,5eko eta -% 1,2ko galerak izan zituzten batez beste seihilekoan, hurrenez hurren. Hain konplikatua zen testuinguru horretan, gure errenta finkoko planak +% 1,09ko errentagarritasun positiboa lortu du, kreditu-kalitate handiko bonuetan inbertituz, iraupen aldetik defentsiboa zen posizionamendu bati esker.

Kontrako aldean, lehenengo seihileko honetan bereziki ondo funtzionatu duten aktiboek high yield bonuak (zabor-bonuak) izan dira, urtean % 3,2ko irabaziak lortu baitituzte, eta akzioek ere bai.  Errenta aldakorraren kasuan, aurreko hiruhilekoetan komentatu izan dugun bezala, haien bilakaera oso heterogeneoa izan da. Amerikari dagokionez, S&P500 indizeak % 18,2ko errentagarritasun positiboarekin amaitu zuen seihilekoa, nahiz eta errentagarritasun gehiena amerikar konpainia teknologiko nagusietatik datorren, hala nola Nvidia (+% 150, urtean), Microsoft (+% 20), Meta (+% 40), Amazon (+% 30) edo Google (+% 30). 5 konpainia horiek, berez -500 konpainiatatik- amerikar indizearen % 27 osatzen dute. Dena dela, amerikar konpainien bilakaera modu errealistagoan aztertzen saiatzen bagara, S&P 500 Equal Weighted indizea erreferentziatzat hartuta -bertan, 500 konpainia horietako bakoitzak ehuneko berbera du indizean-, irabaziak + % 4koak soilik izango lirateke. Konpainia txikien aldetik, Russel 2000 indizeak + % 1eko irabaziak lortu zituen. Horrek guztiak ederki islatzen du merkatuetan dagoen konformismoa; izan ere, inbertitzaileek akzio kopuru txiki batean kontzentratzen dituzte euren posizioak, prezioen aurrerapenaren babespean, haien balorazioak alde batera utzita. Europan, Eurostoxx 50 indizeak + % 8,2ko errentagarritasunarekin itxi zuen urtea. Hala eta guztiz ere, errentagarritasunetan sakabanaketa handia ere egon da. Kontsumo egonkorreko konpainien Stoxx 600 Industry Consumer Staples europar indizeak –bertan, kalitate handiko konpainiak daude, hala nola Nestlé, Danone edo Unilever- - % 2,8 egin zuen atzera urtean, eta Stoxx 600 Utilities indizeak -% 6,3ko errentagarritasun negatiboa lortu zuen urtean. Bertoko merkatuan, Ibex 35 indizea + % 8,3 hazi zen urtean, bankuek gidatuta, horiek indizearen herena osatzen baitute. Gure Errenta Aldakorreko Surnepentsio planaren kasuan, izaera defentsiboagoa duten sektoreetan gehiegizko haztapena duenez, eta bankuen moduko sektore ziklikoetan gutxiegizko haztapena duenez, + % 2,2ko errentagarritasunarekin bukatu du hiruhilekoa, indize nagusien atzetik.  Hain zuzen ere, gure planak izan ohi duen posizionamendu kontserbadoreago horren ondorioz, epe luzera modu finkoan gainditu ahal izan dira indizeak, batez ere sasoi oso negatiboetan, hala nola 2018 edo 2022an. Gure epe luzerako ikuspegiari eusten diogu, merkatuen atzetik korrika ibiltzeko arriskuan ez jausten saiatuz.

Politika mailan, albiste garrantzitsuak gertatu dira Atlantikoaren alde banatan. Europan, nahiz eta Frantziako muturreko eskuinak ez duen lortu Batzar Nagusiko diputatuen gehiengoa, aurreko legegintza-hauteskundeetan lortutako botoen kopurua bikoiztea lortu du. Goranzko joera bat da, agerian uzten duena Marine Le Pen Frantziako etorkizuneko presidente bihurtu litekeela hurrengo presidentzia-hauteskundeetan. Gogoratu behar dugu Le Penen RN alderdia Europar Batasuna eta beraren inguruko guztia berraztertzearen alde dagoela, eta horrek ziurgabetasun handia ekarriko liekeela merkatuei. AEBen kasuan, ekainean lehenengo eztabaida bat egin zen Trump eta Bidenen artean, eta hautagai demokrata oso gaizki atera zen, bertan erakutsi zuen egoera fisiko txarragatik; horren ondorioz, Donald Trump Etxe Zurira itzultzeko probabilitatea izugarri hazi da. Kasu hipotetiko horretan, defizit publikoa, NATOtik irteteko aukera, merkatu energetikoa edo arantzelen arloko neurriak ekonomiara ziurgabetasun handiagoa ekarriko luketen gai bihurtuko dira.

Urteko bigarren zatiari begira, Banku Zentralen jokabideaz gain, garrantzitsua izango da ikustea nola eboluzionatzen duten gertaera politikoek eta zer inpaktu izan dezaketen garrantzi handiko gai batzuetan, hala nola panorama geopolitikoan eta herrialdeetako defizit fiskalen bilakaeran.

Noticias Relacionadas

10 Urria 2024
Bizi-itxaropenak Espainian azken urtetan izan duen hobekuntza da, zalantzarik gabe, gure herrialdearen garapen sozioekonomikoaren froga garbienetako bat.
2 Urria 2024
Enplegu-plan Sinplifikatuak (aurrerantzean, EPSak) aurrezpen-modalitate bat dira, jarduera ekonomikoen testuingurukoak, enpleguko pentsio-planen bultzada arautzen duen 12/2022…
25 Iraila 2024
3/2022 Errege Lege Dekretuak kotizazio-sistema berri bat onartu zuen norberaren konturako langileentzat –hau da, autonomoentzat-, lehendik zeuden Gizarte Segurantzako erregimen…